XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

BEHAKOA

Erramun BACHOC. Euskal Kultur Erakundeko presidenta

Nola definituko zenuke hizkuntz ingurunearen kontzeptua?

Hizkuntz ingurunearen kontzeptua ingeles hizkuntzaren pean zeuden Kanadako frantsesdun lurraldeetan, bereziki Quebec-en, garatua izan zen.

Aipatu nahi nuke René Lévesque-k erran zuen erranaldi famatua, 1977an, Frantses Hizkuntzaren hitzarmenaren aldarrikapenarenkari: Montrealek aurpegi frantsesa izanen du Torontok aurpegi ingelesa duen bezalaxe.

Hamar urteren buruan, aldaketa bururatua zuten!

Hizkuntz inguruneak jatorrizko hizkuntzari agerian izateko aukera ematen dio bere lurraldean.

Hizkuntz sendo bat entzuten eta IKUSTEN da, bereziki grafismo publikoari esker, hala nola norabide seinaleak, toponimia, etxeen izenak, errepide, karrika eta plazen izenak, publizitateak, iragarkiak, zerbitzu publikoen seinalakuntza, afitxak, produktuen etiketak, komunikabideen argitalpenak...

Gaur egun, 20 estatuk, Frantzia barne, hizkuntz publikoaren erabilpenari dagozkion legeak dauzkate.

Zergatik da hain garrantzitsua hizkuntza agerian izatea?

Ikerketa soziolinguistiko anitzek erakutsi dute hizkuntz ingurunea herri baten bizitasunaren seinalea dela.

Egoera larrian den hizkuntza batek bere presentzia publikoki inposatzea ardiesten badu, horrek eragin haundia du bere komunitatean nahiz kanpotarrengan.

Beren kultura agerian ikusiz, biztanleak ausartzen dira jatorrizko hizkuntza erabiltzera bai familian, bai eta zerbitzu publikoetan ere.

Idazki publikoak ulertzen ez dituzten biztanleak beraien hizkuntza galdu dutela konturatzen dira.

Horrela jende anitz berreskurapen prozesu batean sartzen da.

Eta hizkuntz multzoa edo mintzakidegoarekin identifikatzen ez direnek beste kultura bat ezagutzen eta errespetatzen ikasten dute.

Zure ustez, baitezpadakoa da honelako kontzeptua aplikatzea Euskal Herrian?

Euskara hizkuntza mendratua da bere herrian.

Azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzak biziki kezkagarriak dira.

Euskararen gainbeherako joera gelditu eta itzuli nahi badugu, euskara agerian eman behar dugu denetan: etxeetan, elkarteetan, zerbitzu publikoetan, lantegietan, karriketan, herri eta hirietan.

Hizkuntz ingurunearen kontzeptua aplikatu behar dugu Euskal Herrian euskara entzuna eta IKUSIA izan dadin.

Zein da Euskal Kultur Erakundearen erantzunkizuna aplikapen horretan?

Hizkuntz ingurunearen berrosatzea Euskal Kultur Erakundeak bere gain hartu duen desafio bat da.

Orain arte ahalegin guziak eman ditu euskara ager dadin gizartearen alor guzietan.

Hizkuntza eta Ondarea zerbitzuak garrantzia handiko lana segurtatzen du egunero, hautetsiek, zerbitzu publiko eta pribatuetako arduradun edo zuzendariek elebitasuna balia dezaten eta euskara komunikazio hizkuntz modernoa bihur dadin.

Euskaltzain eta hizkuntzalari batzuren laguntzarekin, Erakundeak bi liburuxka argitaratu ditu: 1991an.

Euskara Agirian 1, Ipar Euskal Herriko herrien izenak biltzen eta bide seinaleei dagozkien argibideak eta aholkuak ematen zituena; 1994ean.

Euskara Agirian 2, zerbitzu publiko eta pribatuetako seinalakuntza proposatzen zuena.

Hirugarren ale bat egiteko asmoa dugu, baina ez dugu oraindik gaia hautatu.

Azpimarratzekoa da ere bide seinalakuntzari dagokionez, Erakundea Departamenduko Ekipamendu Zuzendaritzaren partaide bat izan dela 1994.ez geroztik.

Bistan dena, gure lana ez da horretan gelditzen.

Geroari begira, gure indar eta ahalmen guziak eman beharko ditugu euskara agerian egon dadin orotan.